Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Andoni Azkargorta: “Badakigu zein den egoera, baina egin beharrekoak oso argi ditugu”

Prestatzaile armaginak adierazi du “Valentzia korrika eroso sentitzen den taldea da”

Andoni Azkargortak prentsaurrekoa eskaini du gaur Atxabalpen Eibarrek Valentziaren aurka jokatu duen partidaren atarian (osteguna, 19:30). Antzuolako entrenatzaileak aitortu du badakiela zein den taldearen egoera, baina “egin beharrekoak oso argi ditugu”.

Azkargortaren esanetan, taldea egoera onean iristen da. “Bizirik dago. Fisikoki ere ondo bukatu ditu hiru partidak. Baina nekea azaltzen joango da orain. Momentuz ondo gaude baina beti daukazu duda hori, ea laugarren lehia honetara nola iritsiko garen. Edonola ere, uste dut partida aurrera ateratzeko prest gaudela”.

Liga berriz hasi zenetik jaitsiera postuetatik puntu batez aldendu badira ere, “komeni da hiru puntuak ateratzea”. "Jaitsiera postuetatik ihes egiteko beharrezkoa da garaipena lortzea. Badago behar hori irabazteko, baina beti burua hotz eta gauzak ondo eginez”.

Gainera, azpimarratu du “Liga honetan zaila da partidak irabaztea. Bi lehia jokatu ditugu etxetik kanpo eta zaila da irabaztea. Talde denak ari dira sufritzen, plantilla gehienak ez daude prest hiru egunetik behin jokatzeko eta horrek asko egiten du. Taldea asko aldatzen duzunean zaila da dinamika ona mantentzea”.

Mendilibarren laguntzaileak argi du ausart jokatzen jarraitu behar duela taldeak. “Aurreruntz jokatzen dugun taldea gara eta arriskuak hartzen ditugu. Egia da batzutan berdinketa baloratu behar dela, baina hiru puntuak lortzea behetik aldentzeko garrantzitsua denez arriskuak hartu behar dira. Baina beti ahalegindu garen moduan”.

Biharko aurkariaren inguruan ere mintzatu da Antzuolakoa. “Valentzia talde ona da. Korrika eroso sentitzen den taldea da. Beren zelaian denbora asko pasatzen badugu abantaila ateratzeko moduan egongo gara. Baina gero argi ibili behar gara. Atzera korri egitera tokatzen zaigunean ondo ibili behar gara. Taldea azkar juntatu beharko da eta ondo egin korri egin”.

“Athleticen aurkako bigarren zatiko maila ematen badugu gure aukerak asko handituko dira, baita Getaferen aurkako erritmoa ematen badiogu ere”.

“Nahiko lasai nago, taldeak erakutsi du kapaz dela eta bihar hori hala izan behar da. Baloi asko hegaletara atera eta handik area bilatu. Hortan saiatu behar gara eta hor egongo da hiru puntuak ateratzeko gako handiena”, adierazi du Andoni Azkargortak.