Skip to main content
EU
Kluba

Ander Romarate SD Eibarreko Futbol Inklusiboaren arduraduna proiektu berrian lanean da jada

Garun paralisia eta paralisi intelektuala duten pertsonak Eibarren parte izatera animatzen ditu Romaratek

“Erronka pertsonal eta profesional handia da. Proiektua zerotik hasi behar dugu,eta gauza handia da klubaren estrukturaren barruan talde biak integratzea. Horrela azaldu du Ander Romaratek SD Eibarrek Kirolgirekin batera martxan jarritako proiektua. 

Izan ere, harrobiko estrukturaren barruan atal berria du aurten Eibarrek: Futbol inklusiboarena. Bertan talde bi izango dira: Garun Paralisia duten pertsonekin osatutakoa, Liga Nazionalean jokatzea helburu izango duena; eta Paralisi Intelektuala dutenekin osautakoa, La Ligak bultzatuko La Liga Genuinen parte hartzea xede duena. 

"Proiektu berritzailea da, eta klubarentzat pausu garrantzitsua. Lan asko dugu egiteko. Jokalariak bilatu behar dira, entrenatzaile taldea osatu... Epe erdi eta luzera estruktura sendoa sortu nahi dugu", dio Romaratek. 

Londres 2012n olinpiko izandako igerilariari iritsi zaizkio dagoeneko zenbait jokalariren eskaintzak. "Kirolariak dira, eta Eibarren edozein taldetan bezala, beraien mugak, abileziak, e.a. ezagutu behar ditugu. Astean saio bat egingo dugu hasteko, eta pausoz pauso joango gara. Zaila izango da lan saioak egiteko instalakuntzak izatea obrak direla-eta, baina nola hala moldatuko gara".

Garun paralisia taldeak 11 jokalari beharko ditu, eta paralisi intelektualarenak 16. "Zaila da talde biak ateratzea, baina baikorra naiz. Izena eman nahi duenak nirekin harremanetan jarri baino ez du", futbolinclusivo@sdeibar.com edo 688 651 748 telefonoan.