Skip to main content
EU
Kluba

Amaia Gorostiza: Zintzotasuna, zuhurtasuna, ahalegina eta ongi egindako lana da Eibar eredua

SD Eibarreko presidente berriak administrazio-kontseiluko organigrama berria aurkeztu du

SD Eibarreko presidente berriak, Amaia Gorostizak, buru den administrazio-kontseiluak Eibar ereduaren nortasun-ezaugarriei eutsiko diela adierazi du gaur prentsaurreko batean. Ezaugarri horiek «zintzotasuna, zuhurtasuna, ahalegina eta ongi egindako lana» direla zehaztu du, orobat.
Amaia Gorostiza atzo izendatu zuten aurreko presidente Alex Aranzabal joan ondoren. Jarraian, prentsaurrekoa eman du Mikel Larrañaga eta Joseba Unamuno presidenteordeekin (beste presidenteordea, José María Arrizabalaga, ez zegoen) eta zuzendari kudeatzaile berria den Patricia Rodríguezekin batera. Azken hori finantzako zuzendaria izan da orain arte.
Prentsaurrekoan Amaia Gorostizak nabarmendu zuen Alex Aranzábal joan ostean Eibarreko kontseilari gisa legegintzaldia amaitzeko erabakia «erantzukizunez hartutako erabakia» dela, «azkeneko urteetan kontseilu gisa zehaztu eta orain arte, –haren ustez– arrakasta handiz, kudeatutako proiektuari jarraipena ematearren».
«Uste dugu arduragabekeria larria izango litzatekeela orain uztea, oraingo fasean kudeaketaren arloko alderdi jakin batzuk ezartzeko baitaude oraindik eta, batez ere, arriskuan jarri ahalko baikenuke uneotan, gauden garaiari dagokion moduan, eraikitzeko bidean dagoen kirol-proiektua, bai eta erakundearen, enpresaren eta finantzen arloan lantzen ari garen kudeaketaren inguruko beste lan-ildo batzuk ere. Horietan guztietan, egonkortasunik eza ez da inola ere komeni».
«Presidentea izateko proposamena harrotasun handiz onartu dut eta kideek nigan jarritako konfiantza eskertzen dut. Alabaina, berriro ere argi utzi nahi dut hau ez dela “presidente” berriaren proiektua izango, familia hau osatzen dugun lantalde osoarena, harrotasunez buru izango nauen horrena, baizik».
Presidente berriak, Mikel Larrañaga eta Joseba Unamunorekin batera, kontseiluaren kudeaketa-eredua azaldu zuen: «Batez ere taldeko lana du oinarri, osatzen dugun pertsonen lidergo edo protagonismo espezifikorik bilatu gabe».
Kontseiluak hiru presidenteordetza eta bost batzorde edukiko ditu.
Presidenteordetzak hauek izango dira: Kirol-arlokoa (José María Arrizabalaga), Ekonomia-arlokoa (Joseba Unamuno) eta Erakunde-arlokoa (Mikel Larrañaga).

Bost batzordeek kontseilari bana izango dute buru. Zehazki hauek izango dira:

1-Kirol Batzordea; honetan, gainera, Fran Garagarza eta idazkari teknikoa egongo dira. Kirol-arrakasta pertsona horietan oinarritzen da, futbolaren arloko erabakiak haiek hartu eta hartuko baitituzte entrenatzailearekin batera. Azken horrek batzordean parte hartu ahal izango du batzordeak eskatuta. Ez dugu ahaztu behar erabaki horiek direla garrantzitsuenak futbol-klub batean.

2-Komunikazio eta Erakundeen Batzordea; hedabide, erakunde, lagunarte zein zaleen aurreko kudeaketaz arduratuko da, baita klubaren barneko komunikazioaz zein bazkide eta akziodunei arreta emateaz ere.

3-Ekonomia Batzordea, non aurrekontuak, plangintza ekonomikoa, finantzak eta kirolaren arloko ez diren Giza Baliabideak kudeatuko diren. Uneotan zorioneko gaude; izan ere, gure proiektuak etekinak ematen ditu, ez du zorrik eta diru-kutxa du. Gure konpromisoa, jakina, aurrerantzean horrela ere izatea da, eta datorren denboraldia amaitzean etekinak ere izango ditugu berriro.

4-Merkataritza eta Marketin Batzordea babesleez, produktuak saltzeaz eta nazioartekotzeaz arduratuko da; hala, Eibar Proiektua mundu osoan ezagutaraziko du.

5-Eragiketa Batzordea obra, segurtasun, erosketa eta mantentze-lanetako proiektu guztiez arduratuko da.

Batzordeak hamabostean behin bilduko dira.

«Arlo bakoitzean esperientzia duten kontseilari bikainak ditugu, baita eguneroko kudeaketaz arduratzen diren profesional bikainak ere, eta horiei protagonismo handiagoa eman nahi diegu. Patricia Rodríguezek zuzenduko ditu profesional horiek, Klubeko zuzendari kudeatzailea izango baita», adierazi zuen.

Batzorde exekutibo bat ere egongo da (presidentea, hiru presidenteorde eta Patricia Rodríguez egongo dira horretan), eta kudeaketaren zein adierazle nagusien jarraipena egingo du horrek.

Administrazio-kontseilua izango da kudeaketa-organo gorena; bertan hartuko dira erabaki estrategikoak, eta 12 kide izango ditu. Hilean behin bilduko da hori.

Akziodun asko dituen enpresa guztietan ohikoa denez, Barneko Auditoretza eta Kontrol Batzorde bat eratu dela nabarmendu beharra dago; horren eginkizun nagusia Klubaren politikak, prozedurak zein kode etikoa betetzen direla ziurtatzea da, betiere kudeaketa-prozesuen kontrola zein eginiko gastuen justifikazioa bermatuz. Batzorde horren buruak kontseilari bat eta kanpoko aholkulari independente bat izango dira. Azken horrek Kluba Gainbegiratu eta Kontrolatzeko Organoan hartuko du parte.

Batzorde Juridiko eta Betetzearena ere eratu da, José Miguel Fiallegas eta Jon Ander Ulazia buru. Batzorde horrek klubean legezkotasuna betetzea bermatuko du erakundearekin lotutako kudeaketaren arloko (merkataritza-alderdiak, zibilak, zergak eta lan-kontuak) aholkularitza emanez. Finkatutako prozedurak eta politikak betetzen dituztela ere zainduko du.
«Erakunde modernoa eta enpresa-eredukoa da, kudeaketa-prozesu zehatzak eta zorrotz bete beharrekoak dituena».
«Legegintzaldia amaitzerako, proiektu bideratua, era profesional batez ordenatu eta antolatua nahi dugu, akziodunek hurrengo hauteskundeetan arduraz aukeratzea erabakitzen dutenei horrela emateko».
Amaia Gorostizak hau ere utzi zuen agerian: «kontseilu hau kohesionaturik dago eta hartutako erabakiak gehiengo handiek hartutakoak dira, oso adostasun zabala egonik».
Agerian utzi zuen, orobat, erabateko konfiantza dutela José Luis Mendilibar eta haren taldean, taldera futbolaren arlotik ez ezik, pertsona gisa ere egokitu baita, Eibar ereduarekin guztiz bat etorriz.
Datorren astean, Estatu Batuetako biratik itzulita, José Luis Mendilibarrek Eibarrekin entrenatzaile-kontratua berritzea aurreikusita dago.
Horrez gain, Eibar Fundazioa ere aipatu zuen. Fundazioa «biziberritu» nahi dutela azaldu zuen, «egiaz duen garrantzia emateko, Eibarren gizarte-ekintzari jarraipena emateko bidea izan behar baita. Izan ere, gizarte-erantzukizun handia du, eta hori bultzatu beharra dago» hainbat ekimenen bitartez, museoaren, prestakuntza-ikasgelen edo oinarri-futbolaren bidez, besteak beste.
«Hartarako, patronatuak kide berriak sartzea aztertzen ari gara, jokalari ohiak, presidente ohiak eta gure inguruko pertsona garrantzitsuak, besteak beste», gehitu zuen.
Amaia Goristiza lehen presidente emakumea da Eibarren 76 urteko historian.