Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Aleix Garcia: "Eibarren ideiarekin identifikatuta sentitzen naiz"

Kataluniako erdilariak "nire onena ematea eta klubak proposatutako helburuak lortzea" espero du

Aleix Garciak adierazi duenez, "Identifikatuta sentitzen naiz Eibarren ideiarekin".

"Oso erasokorrak dira, presio handia egitea gustatzen zaie eta azkenean beti dute partida irabazteko aukera bat", adierazi du klubeko hedabideei eskainitako lehen elkarrizketan.

Ulldeconako erdilariak "ilusio handiarekin" ekingo dio etapa berriari. "Dena ixteko eta hona etortzeko gogo handia nuen. Taldekide berriekin eta teknikariekin hasteko gogo handia dut".

Garciak ez du zalantzarik izan talde armaginaren proposamen onartzerako orduan. "Erreferentzia onak ditut. Ivan Ramisekin hitz egin dut besteak beste. Hemen oso gustura egongo naizela esan dit. Behin baino gehiagotan jokatu dut Eibarren aurka eta badakit dena ematen duela lehen minututik".

Dinamo de Bukarest taldeko jokalari ohiak "ahalik eta gehien jokatzea" du helburu, baina argi dauka "talde mailan klubak proposatzen dizkigun helburuak lortzea" dela garrantzitsuena.

"Eibarren aurka ez dut inoiz garaipenik lortu eta berdinketa ere ez dut uste. Ipuruara etortzen gineneko oroitzapen txarrak gordetzen ditut".

"Futbola maite dut, ahal ditudan partida guztiak ikusten ditut. Eibar ikustea gustatzen zait, bere filosofia eta duen jokamoldea gustatzen zaidalako".

Erdilariak taldearen joko estiloarekin bat etor daitekeela uste du. "Vila-realen antzeko ideia duen Marcelino izan nuen. Jokalari argia naiz eta azkar molda naitekeela uste dut".

Eibarreko jokalari berriak "animo eta indar" mezuak bidali nahi izan dizkie zaleei. "Oraindik ez dut Ipuruan jokatu, baina badakit zaleek nola animatzen duten. Espero dut egoera hau azkar amaitzea eta berriro ere harmailak betetzea, beren babesa oso garrantzitsua baita".