Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Adrian: Eibar bihotzean eramango dut beti

Denboraldi amaieran Kluba utziko duela adierazi du jokalari armaginak

Adrian Gonzalez SD Eibarreko jokalariak, denboraldi amaiera honetan Kluba utziko duela adierazi duenak, taldea uzteak “pena handia” ematen diola azaldu du gaur egin den agurreko prentsaurrekoan, “eta Eibar bihotzean eramango dut beti”.

Lehen taldeko hainbat jokalari –Dani Garcia kapitaina eta Ivan Ramis-, Amaia Gorostiza presidentea, kontseilariak, kirol-zuzendaritza eta Klubeko langileak egon dira kazetarien aurrean egindako ekitaldian. Adrianek txaloak jaso ditu prentsaurrekoa amaitu denean.

 “Klubari eskerrak eman nahi dizkiot bi urte zoragarri hauengatik, eta baita nire taldekideei, urte hauek zorion beterikoak izaten asko lagundu didatelako. Oso zoragarriak izan dira bi urte hauek, ia momentu txarrik gabe. Nire karrerarako oso ondo etorri zaizkit. Eibarrekiko esker onekoa izango naiz beti eta beti bihotzean eramango dut”.

 “Hau amaitzen da, banatu egin behar gara. Zaila izango da bi urte hauen ostean alde egitea. Nire karrerak jarraitu egin behar du eta erabakiak hartu behar dira. Ez da erraza izan, geratzeko gogoa nuelako. Triste noa, baina iritzi guztiak errespetatu behar dira eta baita klubak gure akordioa nolakoa izan behar zen ere”.

Bere irteeraren kausaren harira, Adrianek adierazi du kontratu berritzearen inguruan “iritzi ezberdinak” zeudela, bina “bakoitzak bere iritzia” duela azaldu du eta “garrantzitsuena da alde biak elkar asko errespetatzen garela”.

Fran Garagarza SD Eibareko kirol-zuzendaria eta Mikel Martija idazkari teknikoa egon dira eserita prentsa-aretoko lehen lerroan. “Fran eta Mikelekin harreman ona izaten irtengo naiz hemendik, nahiz eta akordioa zer izan behar zen erabakitzeko orduan eztabaidak izan ditugun”.

 “Kirol-zuzendaritzarekin harreman handia daukat, baina ez dugu zertan ados egon behar batak bestearekiko duen iritziaren inguruan, ezta nik hemen jarraitzeko kontuan ere. Klubari eskerrak bakarrik eman nahi dizkiot hemen igaro ditudan bi urte zoragarriengatik, futbol arloan eta aro pertsonalean oso ondo etorri zaizkidalako”.

Bere etorkizun profesionalari buruz galdetu diotenean, “Eibarren inguruan berba egiteko momentua da, besterik ez, hemen igaro ditudan bi urte zoragarrien gainean”.

 “Hemen izan dudan egonaldiaren inguruan, denarekin geratzen naiz. Hasieratik ondo joan zait, gauzak bikain irten zitzaizkidalako. Afizioaren maitasuna eta errespetua sentitu dut legen egunetik. Igandean jokatzea tokatzen bazait, ez da erraza izango afizioari agur esatea. Elkarrekin bide luzeagoa egingo genuela espero nuen. Tristura ematen dit irten behar izateak. Urte askotan zehar hona bueltatzea espero dut, bai Eibar, bai niretzako seinale ona izango delako. Bueltatzen naizenean espero dut afizioak eurekiko sentituko dudan maitasun berarekin jasotzea Ipuruako zelaia zapaltzen dudanean”.