Skip to main content

Administrazio Kontseiluaren adierazpen ofiziala

There are no reactions yet. Be the first!

Abonatu agurgarria,

 

Covid-19 dela-eta sortutako egoera larria leuntzen hasi den honetan, zuregana zuzentzen gara gure hurbiltasuna adierazi eta zure interesekoak izan daitezkeen zenbait neurriren berri emateko.

Zure eta zure ingurukoen osasun egoera onena izatea espero dugu. Tamalez Covid-19ak zure inguruan eraginik izan badu, jaso gure besarkada eta indarra. Seguru gaude denon artean egoera larri honi aurre egingo diogula.

Lehenik eta behin, eta gaiak duen garrantzia jakinda, Administrazio Kontseilu honek hainbat neurri hartu ditu ateak itxita izango diren hurrengo norgehiagoketara begira. Era horretan, 19/20 denboraldian oraindik jokatzeke dauden eta  ateak itxita izango diren partiduak direla-eta, zure abonuaren kopuru proportzionala itzuliko zaizu. Martxoan ateak itxita jokatu behar izan genuen Eibarren eta Realaren arteko neurketaren kopurua ere itzuliko zaizu. Abonua ordainketa bakarrean ordaintzen duten abonatuei 6 neurketaren zatia itzuliko zaie; hiruhilabeteka ordaintzen dutenek, aldiz, 2 partiduren zatia. Era berean, lanik gabe dauden abonatuek kuota osoa itzultzeko eskaera egin dezakete (urtarriletik martxora jokatutako neurketak izan ezik).

Abonatuek bi konpentsazio bide izango dituzue

  • Jaso beharreko kopuruarekin SD Eibar Fundazioari dohaintza egin, hilabete hauetan jarritako proiektu ezberdinetan laguntzeko. (ekainaren 15tik 29ra egin ahal izango da). Donazioaren bidea hartzen duten abonatuek Orsaixan Klubeko denda ofizialean edo eibarstore.com-en erosketa egiteko txartela jasoko dute (10€ko bonua donazioa 75€tik beherakoa bada, eta 20€koa 75tik gorakoa bada)

 

  • Donazioa egiten ez dutenek, era automatikoan jasoko dute diru-itzulketa (ekainaren 30tik aurrera).

 

Donazioak egiteko moduak (ekainaren 15etik 29ra)

  1. Orsaixan Bezeroen eta Abonatuen Arreta Zerbitzuan zuzenean.
  2. EFC bidezko Online plataforman.

 

Futbolik egon ez den azken hilabeteotan, Klubak ahalik eta era egokienean lanean jarraitu du, konfinamendu egoeran zein ondoren etorri behar zirenei erarik eraginkorrenean aurre egiteko. Administrazio Kontseiluak ohiko eta ez-ohiko bilerak Internet bidez egin ditu, eta departamento ezberdineko langileek etxetik lan egin dute, era telematikoan.

Pandemiak izan duen eragin ekonomikoa dela-eta, gizonezkoen lehen taldearekin soldata jeitsiera adostu genuen, beste lanpostu asko mantenduz, eta ERTE edo bestelako neurrietara jo gabe.

Egoera zail honen aurrean ingurukoei laguntzen ahalegindu gara, beti egin ohi izan dugun bezala, eta SD Eibar Fundazioaren zein Abonatuen Arreta Zerbitzutik hainbat proiektu jarri ditugu martxan:

  • Hirugarren adineko Eibarko eta Ermuko zahar egoitzetan osasun materiala bidali dugu (maskarillak, buzoak, e.a).
  • Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatu dugu, Eibarren laguntza behar zuten zenbait familiri tabletak eta Interneterako konexioak emanez beraien seme-alabek ikasketekin jarraitu ahal izateko.
  • Eibarko jostunei klubeko elastikoak eman zaizkie, maskarillak egin zezaten.
  • 70 urtetik aurrerako abonatuei deitu eta beraien beharrak asetzen ahalegindu gara, gure babesa, elkartasuna eta maitasuna erakutsiz.
  • Konfinamendu garaian urteak bete dituzten 3 eta 14 urte bitarteko umeek zorion agurrak jaso dituzte.
  • SD Eibarren garai ezberdinetan jokatu duten jokalariei deiak egin zaizkie, gure maitasuna erakutsiz.

 

Azken batean, gure inguruan daudenengandik eta familia armagin osoarengandik gertu egoten saiatu gara, familiak berak egiten duena egiten: behar handia dagoenean gertukoak zainduz.

Era berean, emakumezkoen gure lehen taldeak Iberdrola Ligara igoera lortzeak sortu digun poza zurekin partekatu nahi dugu. Lorpen historikoa izan da, eta seguru gaude lehen talde biak gorengo mailan izango ditugula hurrengo denboraldian.

Oso denbora gutxi falta da Liga itzultzeko. Formatu ezberdinean itzuliko da, ez guk nahiko genukeen moduan, baina baldintzak ikusita, futbola itzultzeko dagoen era bakarrean. Argi dugu Ipuruan gogoan izango zaitugula, eta zure hutsunea igarriko dugula, baina esperantza dugu laster berriz ere batera izango garela taldea animatzen. Bitartean, jarraitu ezazu, mesedez, taldea animatzen, etxetik bada ere seguru gaudelako zure indarra nabarituko dugula.

Zalerik gabeko futbola ez da ezagutu eta nahiko genukeena, baina elkarrekin egin behar dugu, elkar babestuz eta elkarri laguntzen. Behar zaituztegu, Klubaren zatirik garrantzitsuena zaretelako. Horregatik, esperanza dugu eta irrikitan gaude berriz ere denok Ipuruan egoteko, eta Eibar osoa urdinez eta gorriz apaintzeko. Aupa Eibar! Gora Eibar!

 

Amaia Gorostiza

SD Eibarko presidentea