Skip to main content
EU
Kluba

Adiskidetasunaren Txapelketa, 1970 eta 1994 urteen arteko klasikoa

Lehen edizioan Ipuruako argi artifiziala estreinatu zen

Zale helduenek era goxoan gogoratuko dute Adiskidetasunaren Txapelketa, Ipuruan 1970 eta 1994 urteen artean jokatzen zen klasiko hura. Normalean abuztuan izaten zen eta Ezinbesteko hitzordua bihurtu zen urte haietan.

25 urteetan zehar txapelketa gertaera zein anekdota bitxi asko utzi zituen eta futbola garaiz kanpo ikusteko atzakia bilakatu zen.

Adiskidetasunaren Txapelketako lehen edizioa berezia izan zen baldintza ezberdinak emanagatik. Ez zen abuztuan jokatu, Eibarrek ez zuen parte hartu eta Ipuruako argi artifizialak estreinatu ziren.

1970eko urriaren 14an jokatu zen lehen partida Realaren eta Athleticen artean (garai hartan, Atletico de Bilbao izena zuen). Bana berdindu zuten eta neurketa bilbotarrek irabazi zuten penaltietara.

Ipuruako argi artifiziala lehenengoz erabili zen hartan, Javier Clemente izan zen lehen golegilea. Barakaldoko jokalaria lesio larri batetik zetorren. Realeko golegilea, aldiz, Marco Antonio Boronat izan zen.

Handik aurrerako edizioak abuztuan jokatu ziren (normalean Liga hasi aurreko astean), 1992ko edizioa izan ezik. Hura irailean egin zen. Neurketa guztiak gaueko ordutegian izaten ziren.

Lehiaketaren formatua aldatzen joan zen urtearen arabera. Hiruko txapelketa izan zen 6 alditan, laukoa 13tan eta partida bakarrera 6 alditan jokatu zen.

Irabazlearentzat 12 kiloko garaikur artistikoa izaten zen saria. Garai hartan, 35.000 pezetatan balioetsia zegoen. Lehen ediziotan gainera, Eibarko Udaletxean harrera egiten zieten irabazleei eta ondoren, parte hartzaileak bazkaria izaten zuten Untzagako Kerizpe Elkartean.

1973ko edizioa bereziki gorabeheretsua izan zen. Alavesen eta Barakaldoren arteko finalerdian, jokalari babazorro batek baloia zale bati bota zion iraindu ziolakoan. Jokalaria berdegunetik egotzi zuen epaileak eta horren ondorioz, liskarra sortu zen bi taldeen artean. Ostera, Alaveseko beste jokalari bat egotzi zuten marrazainari irantzeagatik. Lehia bizkaitarrek irabazi zuten 1-0.

Barakaldoren eta Eibarren arteko finala abuztuaren 25ean jokatu zen kirolez kanpoko jokaerak tarteko. Eibarrek, lehiaren amaierarako ordu laurdena gelditzen zenean, bost eta hutsekoa sartu zuenean, epaileak Barakaldoko hiru jokalari kanporatu zituen. Hori dela eta, bizkaitarren ordezkariak jokalariei berdegunetik irtetea agindu zien. Guardia Zibilak eskuhartu behar izan zuen Oteiza jauna epailea babesteko. Armaginen golegileak Guereñu, Diego, Azcarate, Amutxastegi eta Arizmendi izan ziren.

1983an, aldiz, uholde larriek txapelketaren atzerapenera behartu zuten. Norgehiagoka astelehenean jokatu zen, bi egun beranduago. Logroñesek Eibar hartu zuen mendean penaltietan, arauzko denboran golik ez zen izan eta.

Adiskidetasunaren Txapelketa irabazi zuen azken Lehen Mailako taldea Reala izan zen, 1971an. Txuri-urdinak eibartarrei gailendu zitzaien penaltietan. Aurrez hiruna berdindu zuten Olaizolaren, Aldalurren eta Recalderen golei esker.

Adiskidetasunaren Txapelketako azken edizioa, berriz, 1994ko abuztuaren 28an jokatu zen. Eibarrek Alavesi irabazi zion. Honetan ere, penaltietan erabaki zen norgehiagoka, arauzko denboran hutsean amaitu eta gero.

Txapelketa egutegian zehazteko arazoek eta udako txapelketen gainbeherak Txapelketaren amaiera ekarri zuen 1994an, 25 edizio jokatu ostean.

Hauxe palmaresa: SD Eibar (12 txapelketa), Barakaldo (2), Logroñés (2), Bilbao Athletic (2), Athletic (1), Valladolid (1), Real Sociedad (1), Mutriku (1), Anaitasuna (1), Burgos (1) eta Elgoibar (1).