Skip to main content
EU

1986-88

Image

BIGARREN B MAILARA BUELTA ETA A MAILARAKO IGOERA

1986-87 denboraldia ilusioz beterik hasi zuen Eibarrek, zilarrezko mailara igotzeko saiakera egiteko prest, hurrengo denboraldian gauzatu zutena. Denboraldi hura historiara pasa zen, besteak beste, Garmendia atezainak Pontevedrari bere atetik gola sartu zionekoagatik. Gol hark txundituta utzi zituen jarraitzaileak, eta modako atezain bilakatu zuen Garmendia

Igoera Durangon lortu zuen Eibarrek, milaka eibartarren babesa izan zuten eta partidaren ondoren izugarrizko harrera egin zion hiriak taldeari Untzaga Plazan.

1988-89 denboraldian, Bigarren A Mailan, talde indartsuez inguratuta egonik helburu nagusia maila mantentzea izango zen. Bestalde, Eibarrek hitzarmen historiko bat sinatu zuen Athletic Club-ekin, Real Sociedad taldearekin izandako harreman historikotik adiskidetasunez urrunduz.

Bolada onak eta txarrak igaro ostean, Eibarrek 2. Mailan finkatzea lortu zuen, ozta-oztako salbazioak eta sailkapen erdialdeko denboraldiak aldizkatuz.

1990. Urtean Klubaren 50. Urteurrena ospatu zen, Amsterdamgo Ajaxen aurkako partida batean. Bana amaitu zen norgehiagoka, Luluagak penaltiz sartutako gol bati esker, sekulako euritea izan zen egun batean. 1965. Urteko San Andrés egunean ere antzeko euri-jasa izan zen, Burdeosko Girondinsen aurka 25.

 Urteurrena ospatu zenean, 5-3 amaitu zen norgehiagokan.

1992. Urtea erronka handia izan zen, Kluba Sociedad Anónima Deportiva bilakatu baitzen. Besteak beste, taldearen izen-aldaketa suposatu zuen, Sociedad Deportiva Eibar S.A.D. izango zen bere izen berria. Aldaketa honetan Athletic Club-en laguntza ezinbestekoa izan zen, hasierako fasean beharrezko ziren 66 milioi pezetetara (400.000 euro) iritsi ahal izateko falta zen dirua jarri baitzituen.

1998-99 denboraldia ere mirarizko salbazio batekin amaitu zen. Jaitsiera segurua zela zirudienean, azken 9 partidetan jokoan zeuden 27 puntuetatik 21 lortu ziren. Ligako azken partiduan, Toledoren aurka Ipuruan, jaitsiera ekidin zen Alfonso Barasoain "mago"-aren eskutik. 3-0 amaitu zen norgehiagoka, eta helburua lortzeko beharrezkoa izan zen Mallorca B-k jada jaitsita zegoen Herculesen aurka etxean jaso zuen porrota.

1999-00 denboraldian Blas Ziarreta iritsi zen Eibartarren aulkira, eta "burdinezko" futbola ekarri zuen berekin, Eibarren ezaugarri bihurtu zena. 2000-01 denboraldian, errelak utzitako Xabi Alonso hiru hilabetez aritu zen talde armaginean, mundu mailako futbolean historia egingo zuen jokalaria, alegia. 2002. urtean, Juan Luis Mardarasen tokia Jaime Barriusok hartu zuen, 14 urtetan zehar lehendakari izan ondoren.

2003-04 denboraldian, Amorrorturen agindupean, erreferente bilakatuko zen Kopa kanporaketa bat jokatu zuen Real Madrid-en aurka, nor baino nor, eta eibartarren antifutbolaren mitoa erori zen honekin.

Denboraldi hartan bertan, SD Eibarrek hiriko emakumezkoen taldea bere egin zuen, ordurarte Eibartarrak taldearekin jokatzen zuena, 1991an sortua eta zenbait denboralditan lehen mailan jokatutakoa. Talde haren mugarriak 1999ko Erreginaren Kopako txapeldunordetza eta 2009-10eko Superligako parte-hartzea, SD Eibar izenaz jada.

2004-05 denboraldia emozioz beterikoa izan zen, Mendilibarren eskutik, eta maila altuko hainbat jokalariren jokoari esker. Haien artean, 19 urte zituen David Silva, zeinak aurrean aipaturiko Xabi Alonsorekin batera Hegoafrikako Munduko Txapelketa irabazi baitzuen urte batzuk geroago.

Denboraldi hartan, Racing de Ferrolen aurka Ipuruan jokatu zen ligako azken partidan, Kluba Lehen Mailan izan zen 17 minututan zehar, baina karanbola ez zen gauzatu eta Gaizka Garitano Kapitain zuen taldea Bigarren Mailan geratu zen.

Aparteko talde hura desegin egin zen eta 2005-06 denboraldian 2.B Mailara jaitsi zen, 18 urtez 2.A Mailan jokatu eta gero, gaur egun arte mantendu duen Estatu mailako errekorra izanik.

"Manix" Mandiola entrenatzaile zela, arrakasta handikoa izan zen 2006-07 denboraldia. Rayo Vallecanoren aurkako kanporaketan 2.A Mailara igotzea lortu zuen 2007ko Sanjuanetan. Hurrengo denboraldian maila mantentzea lortu zen, baina urtebete geroago, 2.B Mailara bueltatu zen berriz ere. Ordurako, Jaime Barriusok utzia zuen lehendakaritza, arrazoi pertsonalak zirela medio, eta Alex Aranzábalek hartu zuen lekukoa, determinazio berritu bat eskainiz. Klubak bere helburuak birpentsatzeko beharra zuen, bere egoera ekonomikoa oso konplexua baitzen.