SDE / ALBISTEAK

Harrobiaren formakuntza-prozesuak ez du etenik konfinamendu garaian

'Balioak Eraikitzen' egitasmoaren barnean ekintza ezberdinak egiten ari dira jokalariak

Itzuli

17/04/2020 12:42

Konfinamendu egoeran harrobiaren formakuntza-prozesuak martxan jarraitzen du. Zelaietatik aldenduta bada ere, klubeko jokalariek konpetentzia ezberdinak barneratzeko lanean ari dira egunotan.

Departamentu fisikotik bidalitako ariketez gain, klubak bestelako egitasmotan lanean jarraitzen du, hain zuzen ere, #BalioakEraikitzen proiektuaren barnean.

Giza-balioak identitate-ikur nagusi izan dira Eibarren. Hori dela eta, joan den denboraldian, klubak ekimen berria sortu zuen balioen inguruko heziketa sustatzeko helburuarekin. Egitasmoak ‘Gure Balioak’ izena jaso zuen eta horren bitartez, ebaluazio-sistema bat egin zen harrobiko jokalariak klubeko historian garrantzitsuak izan diren sei balio irakasteko: Errespetua, Konpromezua, Disziplina, Umiltasuna, Elkartasuna eta Zintzotasuna.

Egoera honek irauten duen bitartean, harrobiko taldeek arlo horretan dihardute beren heziketa-prozesuak etenik izan ez dedin. Mutiletako lehen sei taldeetan, bakoitzak balio bat aukeratu behar izan du harekin lan egiteko. Talde bakoitzak aukeratu duen balioaren inguruan, ekintza ezberdinak burutu behar izan ditu.

Ohorezko Kadeteko taldeak esaterako, Umiltasunarekin lan egin du egun hauetan. Proposatutako ekintzen artean, eskutitz bat idaztea erabaki dute Ospitaletako zein Erresidentzietan dauden gaixoei animoak emateko.

Eskolarteko taldeetan, aldiz, egindako lanen artean, urtean zehar barneratutako konpentziak aztertzea eta gogoraraztea izan dute helburu. Hala nola, joko-egoeren azterketa edota fair-play egoeren inguruko interpretazio eta arrazoiketa ariketak.

Emakuzmekoetan ere, konfinamenduak gogoetarako eta egitasmo ezberdinak egiteko aukera eman du ‘Gure Balioak’ proiektuaren barnean. Astero balio ezberdin batekin egiten dute lan nesketako lau taldeek. Infantilek Errespetua landu dute, Kadeteek Disziplina eta hirugarren taldeak, berriz, Zintzotasuna.

Talde txikien bitartez, jokalariek ekintza, erronka edota film ezberdinak proposatu dituzte kontzientziazioa eta barne-gogoetak sustatzeko helburarekin. Harrobiko neskek jokoarekin zerikusia duten kontzeptuak jorratu dituzte baina baita ere gizarte ikuspuntu batetik.

Harrobiko helburua jokalarien formakuntza eta hazkuntza lantzea da ikuspuntu ezberdinetatik. Egungo egoerak ez du ekiditen zeregin honekin jarraitzea. Hori dela eta, Klubak aukera moduan ikusten du une hau, jokalarien garapenean laguntzen jarraitu ahal izateko.