SDE / ALBISTEAK

Gol goiztiar batek aukerarik gabe utzi du Eibar San Mamesen (1-0)

Armaginen bolada ona eten egin da Athleticen etxean

Itzuli

23/02/2019 23:04

Eibarrek Athleticen aurka galdu du Ligako 25. jardunaldian. Armaginek ezin izan dute punturik gehitu San Mamesera egindako bisitan eta beren azken bolada onari agur esan diote. Etxeko taldeak egindako hasiera sendoa erabakiorra izan da; izan ere, eibartarrak gogotik saiatu badira ere, ezin izan diote erantzunik eman eta amaieran, esku hutsekin bueltatu behar izan dira Bilbotik.

Lehen minutua bete gabea zenean, Raul Garcíak Yuriren pase bikain bat jaso du area barruan eta etxekoak aurreratzea lortu du. Gola kolpe latza izan da Mendilibarren mutilentat. Majo kostatu zaie zurigorriei min egitea. Lehen abagunea lehen zatiaren amaieran iritsi da. Kike Garcíak bortizki jo du baloia area kanpotik eta Herrerinek kornerrera bidali du halamoduan.

Bigarren zatian, armaginak aurrepausua ematen saiatu dira. Hala, beren ohiko jokoa egin ahal izan dute lehen minutuetan eta eskuin hegaletik bizpahiru aldiz iristeko aukera izan dute. Cucurellak berdinketa gertu izan du 59. minutuan, baina bere ezkerkada gutxigatik irten da kanpora. Handik gutxira, eibartarren abagunerik argiena iritsi da. Cucurella izan da berriro ere protagonista. Jokalari kataluinarrak ederki burukatu du Peñaren erdiraketa baina azken hatsean Enrichek baloi desbideratu du.

Athleticek ere bigarrena egiteko aukerak izan ditu. Garbiena Williamsek izan du baina Riesgok geldiketa bikaina egin du eta amaieran, markagailua ez da aldatu.