SDE / ALBISTEAK
Eibarrek Vila-realen aurka galdu du gol bakar batengatik (1-0)
Ekambik bigarren zatiaren hasieran egindako golak erabaki du lehia etxekoen alde
Eibarrek Vila-realen aurka galdu du Ligako 37. jardunaldian. Bi garaipen jarraian eskuratu ostean, armaginek hirugarrena poltsikoratu nahi zuten, denboraldian zehar egin ez bezala. Baina aurrean jokoan asko zuen talde batekin egin dute topo. Etxekoek lehen mailan jarraipena ziurtatu beharra zuten eta bigarren zatiaren hasieran Ekambik egindako golari esker lortu ahal izan dute.
Urpekari horiak bikain ekin dio lehiari eta lehen minutuetan markagailuan aurreratzeko aukera garbiak izan ditu. Hasi eta berehala, Fornalsek Dmitrovic lanean jarri du area barrutik egindako jaurtiketa baten bitartez. Handik gutxira, Ekambik lehenik, eta Chukwuezek ondoren, Dmitrovicen aurka gelditu dira buruz buru. Baina ez batak ez besteak ez dute asmatu errematean.
Bigarren zatian Eibar hobeto hasi bada ere, Vila-realek egin du gola. Ekambik mugimendu bikaina egin du area barruan ezker hegaletik ipinitako erdiraketa sarera bidaltzeko. Handik aurrera, baloi jabetza eibartarren alde izan da nabarmen. Vila-realek atzera pausua eman du eta errenta galtzetik gertu egon da.
Amaierarako hogei minutu falta zirenean, Sergio Alvarezek berdinketaren gola lortu du korner batean, baina jokalari asturiarra jokoz kanpo zen eta gola ez da markagailura igo. Ostera, zelairatu berri zen Kike Garcíak Andresen atea zulatzea lortu du. Baina berriz ere, epaileak, VAR tekonologiaren laguntzarekin, baliorik gabe utzi du gola. Izan ere, Charlesen posizioa ez zen arauzkoa. Hala, partida amaieran Vila-realek gol bakar bateko errentaz gainditu du Eibar.