SDE / ALBISTEAK

Amaia Gorostiza: “Jokatu nahi dugu, baina lehenik eta behin protagonisten osasuna bermatu behar da”

Eibarko presidenteak Klubaren egungo kirol egoera aztertu du

Itzuli

02/05/2020 11:37

Denboraldia bukatzeko zein aukera dauden galdetuta, Amaia Gorostiza SD Eibarko presidenteak argi utzi du “guk jokatu, jokatu nahi dugu, baina argi dago lehenik eta behin protagonisten Osasuna bermatu behar dela”.

 

Agurra

“Osasun aldetik denak ongi egotea espero dut. Eskerrak eman nahi diet egunero gu zaintzen eta babesten egon diren eta dauden guztiei. Nire animoak eta indarra bidali nahi diet”

 

LaLiga ekaina erdialdera itzuli daiteke. Nola ikusten duzu egoera?

 “Jakin badakigu lehiaketa bertan behera geratzeak ondorio larriak dituela, bai ekonomikoki zein gizarteari begira. Guk jokatu nahi dugu, denok jokatu nahi dugu, baina ez edonola. Baldintza batzuk eman behar dira, eta argi dugu lehiaketan parte hartzen duten protagonista guztien osasuna bermatu behar dela lehendabizi”

 

Zein egoeran daude jokalariak, nola ari dira hau guztia eramaten?

“Jokalariak pertsona gazteak dira, atletak, osasuntsu daude. Baina pertsonak dira, eta denok bezala beraiek ere sufritzen ari dira. Momentu onak eta txarrak bizitzen ari dira, denok bezala. Etxetik ahal duten bezala entrenatzen ari dira, baina honek guztiak denoi eragiten digu. Beraiek ere jokatu nahi dute, baina beldur dira beraien eta bere senideen osasunagatik”.

 

Zer iruditzen zaizu lehiaketa zalerik gabe itzuliko balitz?

“Ez dugu zalerik gabe jokatu nahi. Argi dugu. Realaren aurkako derbian zalerik gabe jokatzea zer den ikusi genuen, eta oso sentsazio arraroa izan zen. Gure zaleak gurekin egoteak indarra eta kemena ematen digu, eta beste era batean zelairatzen gara, indartsuago. Beraiek gabe honek guztiak bere izaera galtzen du, baina osasun erakundeek agintzen dutena bete behar dugu. Badirudi momentuz behintzat lehiaketa zalerik gabe itzuliko dela, eta ardurarekin jokatu beharko dugu”

 

Taldeak soldata murriztu du. Nolako negozioazioa izan da?

“Ez dira inorrentzat egoera atseginak, baina batzuetan egoerak berak horrelako neurriak hartzera eramaten zaitu. Lehen taldeko jokalariak, entrenatzaileak, eta baita akordio horretara iritsi diren beste hainbat pertsonei eskerrak eman behar diegu. Hitzarmen horri esker ez da filialean, emakumezkoen lehen taldean edota bestelako langileetan ondoriorik izan”

 

Zein neurri hartuko dituzue abonatuekin?

“Argi geratu dadila abonatu guztiei bertan behera geratuko den denboraldiaren zati proportzionala itzuliko zaiela, logikoa den bezala. Hala ere, zenbait abonatuk dirua beraiei itzuli baino erakunde ezberdinei diru-laguntza emateko eskatu digute, eta egon daitezkeen aukerak aztertzen ari gara. Baina gure asmoa zati proportzionala itzultzea da, eta ondoren beste aukera batzuk eskaini horrela nahi duenarentzat. Eibar eta inguruko herrietako dendariak laguntzeko egitasmoa ere jarri nahi dugu martxan, baina oraindik ez dago ezer zehatzik. Lanean dihardugu”.

 

Klubak egitasmo solidario ezberdinak abian jarri ditu azken asteotan. Nola izan da? Zein mezu helaraziko zenieke Eibarko zaleei?

“Urteak dira Fundazioaren bitartez ekintza solidarioak egiten ditugula, eta egoera honetan ere laguntzeko prest azaldu gara. Oso konsziente gara zein egoeratan gauden. Osasun materiala erosi dugu eta hainbat ospital eta zaharren egoitzatan banatu ditugu, testak banatu ditugu; izan ere, guk baino behar gehiago zutenak egon dira. Umeak dituzten eta egoera zaila zuten familiei tabletak eta Interneta eman diegu, etxeko txikienek beraien ikasketekin jarraitu ahal izateko… gauza ezberdinak egin ditugu.

Baina argi utzi nahi nuke solidarioa ez dela diru-kopuru zehatz batzuk ematen dituena bakarrik. Beharra duen pertsona bati irribarre egiten dionak, hitz goxoak esaten dizkionak edota bakarrik dagoenari nola dagoen jakiteko deitzen dionak, guzti-guztiak gara solidario, eta iruditzen zait denok ari garela hori erakusten. Argi dut egoera honetatik irtengo garela, horregatik garelako armaginak, eta horregatik dugulako borrokaratzeko grina. Animo guztiei eta indarra! Aupa Eibar! Gora Eibar”