1980-1986 urteetan Eibarrek bost promozio jokatu zituen, eta 85-86 Ligan Bigarren B mailara igotzea lortu zuen, play offean Coria del Rio eta Badajoz taldeei irabazi eta gero. Juan Jose Arrieta bergararraren eskutik lorpen garrantzitsua eskuratu zuen Eibar KEak. Aldi berean, zelaiaren perimetroan hesi metalikoak jarri ziren. Horren kostua 2,6 milioi pezetakoa izan zen.
90. hamarkadan, Eibar KEa goienera iritsi zen, bere ibilbidea nabarmentzen hasten da estatuko futbolean (araudi eta antolaketan aldaketa nabarmenak bizi ditu futbolak garai hartan). Futbol Liga Profesionalaren jarrera garrantzitsua da, elkarteen Saneamendu Plana burutzen da eta aldi berean, elkarteak Sozietate Anonimo bihurtzen dira. Eibar KEak dirua jasotzen du Kirol Kontseilu Gorenetik eta Futbol Liga Profesionaletik Ipurua eraberritzeko, eta gerora etorriko da azpiegitura guztien modernizazioa.
Ipuruako markagailua
1998ko udan Erdiko Tribuna berria eraikitzen hasten da; Ekialde eta Mendebaldeko Tribunak (“Ingelesa” eta “Bonbonera”) handitzen dira. 1999ko udan Tribuna Orokorra, gaur egun Iparreko Tribuna dena, bota egin zen hobekuntza lanak egin ahal izateko. 99-00 denboraldi osoan tribuna hori ezin izan zen erabili lanengatik, eta 2000-01 denboraldian amaituta zeuden.